Bateriak funtsezkoak dira isurien neutraltasunerako trantsizioan. Horregatik, aplikazioan bateriak ezartzeko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresen eskari handia dago gaur egun. BatterieIngenieure South Europe S.L. (BI South Europe) merkatuaren eskari horri erantzuteko sortu zen.
Alemaniako BatterieIngenieure GmbH (BI GmbH) enpresak bultzatu du BI South Europe. Lehen horren enpresa nagusia Akisgranen dago (Alemania), eta baterien testetan aditua da. 2015ean sortu zen. Sektore horretan 30 urte baino gehiagoko esperientzia duten adituek zuzentzen dute enpresa. Enpresaren negozio nagusia mota guztietako teknologien biltegiratze elektrokimikoko sistemak testatzea da (baterien gelaxken mailan eta packen mailan), hala nola gaingaitasunak, berun azidozko bateriak edo litio-ioizko bateriak. Era berean, baterien pack sistemak diseinatu, moldeatu eta haien diagnostikoa egiteko zerbitzua ere ematen du. BI GmbH enpresak bateriak eta gelaxkak testatzeko Europako instalaziorik handienetako bat du, eta 1.600 zirkuitu baino gehiago ditu erabilgarri.
BatterieIngeniuere South Europe S.L. enpresak biltegiratze elektrokimikoko sistemen simulazioaren eta diagnostikoaren arloan lan egiten du, zuzendaritza-taldeak eskarmentu handia baitu arlo horretan. Jarduera horien artean honako hauek daude:
- Baterien portaera elektriko-termikoaren simulazioak; horretarako zirkuitu baliokideetan oinarritutako eredu sinpleak zein gelaxkaren portaera elektrotermikoa ez ezik baterien barne-parametroen bilakaera ere erreproduzitzen duten eredu zehatzagoak erabili edo garatzen dituzte.
- Kontrol-funtzioak inplementatzea eta garatzea, aplikazioan bateriak optimizatzeko eta diagnostikatzeko (karga-egoera identifikatzea, osasun-egoera identifikatzea, potentzia iragartzea eta abar).
- Baterien bizitza baliagarriaren simulazioak eta iragarpenak. Eredu erdi-enpirikoetan oinarritutako metodo tradizionalak aplikatzen dira, baita adimen artifizialean oinarritutako metodo puntakoagoak ere, bateriek beren aplikazioetan izango duten bizitza baliagarria iragartzeko.
- Aholkularitza-zerbitzuak, batez ere biltegiratze elektrokimikoko sistemen garapenarekin eta inplementazioarekin lotutako gaietan, gelaxken mailan, bai eta baterien packen mailan ere (baterien diseinuen kontzeptuen berrikuspena, segurtasun-estandarren berrikuspena eta azterketa, kontrol-funtzioen kontzeptuen berrikuspena eta abar).