Zer da BIC Bizkaia?

Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren elkarlanari esker diseinaturik eta bideraturik, BIC Bizkaia asmo handiko proiektu bat da, helburutzat Bizkaian enpresa-proiektuak eta berrikuntza sustatzea eta azkartzea duena, jarduera ekonomikoa eta lana sortzeko gure lurraldean.

BIC Bizkaia inkubazio eta ekintzailetzarako zentro aurreratu bat da, balio erantsi handiko sektoreetan espezializatua

BIC Bizkaiak ekimenen berrikuntza, hazkuntza eta garapenerako zentro bat izan behar du, eta erreferentzia bilakatu estatuan zein nazioartean, bai mikro eta nanoteknologiaren alorrean baita manufaktura aurreratuei eta teknologia garbiei lotutako jardueretan; eredu bat, hartara, start upak sortzeko prozesuetarako, berrikuntza-proiektuetarako eta enpresa finkatuen hazkuntzarako.

Asmo horrekin, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak BEAZen esku utzi dute BIC Bizkaiaren kudeaketa, proiektua gauzatu dezan Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoarekin, SPRIrekin eta bi erakundeekin eurekin lankidetzan.

Inkubagailuaren ezaugarriak

  • Elkarkidetza

    Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimen koordinatu bat da, biek bietara enpresak eta berrikuntza-asmoak bultzatzeko egiten dituzten ahaleginen ildotik.

  • Aurreratua

    Laguntza eman nahi zaie Bizkaian jarduera ekonomikoa eta lana sortzeko gaitasun handia duten enpresa eta berrikuntza-proiektu berriei, eta osagarri bat izan dagoeneko martxan dauden beste azpiegitura eta ekimenentzat.

  • Espezializatua

    Balio erantsi handiko sektoreak eta teknologiak hartu dira zentroaren jomuga. Espezializazioak eragileen arteko elkarrekintza sustatzen du, eta ondorioz, errazagoa da erabiltzaileen beharretara moldatzea eta aukerak agerraraztea. Lehentasunezko sektoretzat jo dira bio-mikro-nano teknologiekin, teknologia garbiekin eta manufaktura aurreratuen alorrean dihardutenak, bereziki laborategiko ekipamendua erabiltzen dutenak.

  • Bertikala

    Bilgune bat izan behar du enpresen sorkuntzarekin zerikusia duten jarduera eta eragileentzat, eta elkarrekiko harremanak erraztu ekintzaile, enpresa, profesional zein inbertitzaileei. Tokia emango garapen-aldi desberdinean dauden enpresa eta proiektuei (sustatzaileak, start upak, finkaturik baina aldi berean hazkuntza-prozesuan dauden enpresak eta berrikuntza-proiektuak), aukera hobeak eskainiz elkarrekintza eta esperientzia-trukerako, eta horrela balio bereizgarriak erantsiz zentroari berari.

  • Proaktiboa

    Beharrezkoa izango da proiektuak, ekimenak eta talentua hauteman eta erakarriko dituen jarduketa-era proaktibo bat. Hortaz, BBIk Bizkaian zein beste esparru geografikoetan aukerak bilatzeko eta atzemateko mekanismoak baliatu beharko ditu.

  • Integratua eta sare-lanaren bultzatzailea

    BIC Bizkaia beste jardule bat izango da ekintzailetza eta berrikuntza sustatzeko euskal sistemaren barruan, lehenagoko esparru eta ekimenen osagarria. Hala, beste erakundeekiko hitzarmenen bidez BIC Bizkaiak inkubagailuko proiektuen eskura jarriko ditu Parkean diharduten enpresen eta zentroen ekipamenduak eta instalazioak.

  • Eraginkorra eta ekonomikoki bideragarria

    Zentroak baliabideen erabilera eraginkorrera jo behar du, itzulkin ekonomikoa ez ezik bere irudia eta know howa ere ahalik eta gehien aberasteko eta, era horretan, epe luzera bideragarritasun ekonomikora iristeko.